XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hire ama zenak ez zikean sekula halakorik ulertuko, Horazio, baina heu ere, ni bezalaxe, gizon osoa haiz.

Sar hadi horko gela horretan eta ez hadi kezka.

Maritxuk bazekik-eta hire berri.

Oroitzapen maitagarria zuen Horaziok Maritxurekin.

Lepo inguruan zeukan bufanda lehendabizi eta arropak kentzen zizkion ondoren.

Erabat biluztutakoan, ohe ertzean eserarazi eta bi eskuez igurzten zion eztiki hanka arteko haragi puztua.

- Hi haiz hi erralde bikaina, Horazio esan ohi zion orduan irribarrez, eta ez ostiraletan etortzen zaizkidan pitomotx ezindu horiek.

Gau osoa ematen zuten elkarrekin.

Behin eta berriz katramilatzen zituzten bien haragiak, eta hala egoten ziren indarberritu eta berriro maite lanetan hasi arte.

Maritxu gogo biziz egoten zen zain urteroko apirilaren zazpia noiz etorriko, halako mutil oparo eta osasuntsurik ez baitzuen sekula ezagutu, bere maitale andanaren artean.

Zakar samarra bai baina, garbia eta indartsua.

Erabateko zezena.

Apirilaren zortziko goizeko bederatzietan, aitak jasotzen zuen Horazio Maritxuren etxetik.

- Nahi duzunean ekar ezazu berriz semea, Anton esaten zion aitari, halako mirariak ez zaizkigu-eta egunoro gertatzen.

Ez dago datorren urtera arte zertan zain egonik.

Aitaren aurpegian irriño harro bat sumatzen zuen orduan Horaziok, eta bizkarrean taup-taup egiten zion aitak harrotasunez.

- Goazemak Iriarterenean gosaltzera esan ohi zion gero, indarrak berritzeko ez zagok hango xingar eta arrautza parea bezalakorik.